Gaur egungo ziurgabetasunen aurrean erabakia hartu behar dela kontuan izanik gogoeta egin beharko lukete sindikatuek, langileek eta gizarteak oro har.

Gobernu sozialistak, bere sigletan "langile-alderdia" hitzak dituela kontuan izanik, ohore egin beharko lioke bere izenari. Aitzitik, lan-esparruan gehien sufritu duen langile-klasearen egoera latza areagotu egin du eta bere izenari ohorea kendu. Eta ez da gutxiagorako: bere burua maite duen herriak eskerrak eman beharko lizkieke gure zaharrei eta haien ahaleginez lortutakoari eutsi; izan ere, beste belaunaldi horiek sakrifizio eta izerdi handiz besteren hobe beharrez eta gizarte osoaren ongizatearen mesedetan borrokatu dira.
Gu, Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpoko emakume eta gizonok, atsekabe eta dolua sentitu beharko genuke. Hain zuzen ere gurentzako hain oinarrizkoak diren eskubideak – erretiroa hartzeko garaia bi urtez atzeratzea- urratzeak dakarren atzera egiteak kontuan izanik.
50 urte dituztenean lanerako betoa jarrita duten langileen etorkizuna eskasa izango litzateke gustura egoteari, segurtasun pertsonalari eta ongizateari dagokienez, baita familia-duintasunaren, ekonomiaren eta osasunaren aldetik ere. Horren ondorioz, lan-esparruan nahitaez bi urtez jarraitu behar izateak, betiere gizarte modernoetako gizarte-babesetik urrun, bere adina dela-eta merezi duen atsedenaren kontrakoa litzateke inondik ere.
Aurretiko erretiroa hartzeko adinera iritsi arte hainbat urte zain eman dugunok, ahalegin eta arrisku handiko lanpostuetan jardun dugu, betiere adin horretara iritsi baino lehen langileak bizitza galdu ez badu aldamioan estropezu egin duelako edo deskuiduan ebaki bat egin duelako edo makina irauli egin delako, etab.
Esker oneko gizarteak estaldura eta gizarte-babesa eman beharko luke, erretiroa hartzeko adina luzatzeko zigorra ezarriz ongizatea eragotzi beharrean. Ulergarria litzateke patronalak eta eskuineko gobernu batek, lanaren gorabeherei entzungor eginez eta kapital kontserbadoretik ustez gertu eta langileen premiaren nahigabetik urrun izanik, lanean jarraitu beharra ezarri nahi izatea. Baina gobernu sozial batek lanean jarraitu beharra inposatzea, eskubideak kendu eta lorpenak ukatzea, hori guztia gainera langilea ordezkatzen duela harrotasunez agertuta, ez da bidezkoa.
Premia larrikoa deritzot duintasuna eta lanaren eta langilearen duintasuna berreskuratzea. Utopiaren, gezurraren eta izan litekeen ongiaren artean, esango nuke lana ondasun urri eta prekario bihurtu dela gure gizartean, morrontza bihurtu ere gizartea aldatzeko elementua izateari utzita.
Bidezko eta benetako eredu politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak bultzatzeko apustua egin behar dugu, demokrazia eten ez dadin lanposturako sarreran. Egia esan, langilearen eta lanaren arteko hausturak ziztu bizian garamatza zalantzazko errealitatera eta ziurgabetasuneko etorkizunera, eta azkenean produkzio- eta kontsumo-makina bihurtu ere egin gaitzake (baita bertan bildu ere).
Egoeraren aurrean babesgarria sortu behar izaten dugu, baina askotan egoera hain da etsigarria, ez dago kemena berreskuratzen lagunduko digun sendabiderik. Ahaztu egiten dugu gizakiak egiten duen lana gizatasunez tratatu behar dela. Gizabanakoa, pertsona izate hutsagatik, preziorik ez duen izakia da; aldiz, duintasuna du. Eta hori ahaztu egiten du kapitalismo moderno ankerrak, eta lasai asko darrai aurrera, ezer gertatuko ez balitz bezala; izan ere, antolakuntza-kontzientzia apaltzea eta sindikatuak ahultzea lortu du. Langileen artean hainbat sindikatuk duen sinesgarritasun urriak afiliazioa inoiz baino txikiagoa izatea ekarri du, eta, horren ondorioz, elkartasunik eza sendotu egin da.
Zoritxarrez denontzat, gaur egun izugarri kontsumista izanik pertsonak kontsumitu eta esklabotzarik ikaragarrienera daramatzan kapitalismo latz eta krudelak lana karga astun bihurtu du, adostasunen ordez desadostasunak eragiten dituena. Gaur egun, lanak produkzioaren alderdia bultzatzen du, giza ekintza dela ahaztuta eta, bertan, lehiakortasuna nagusitzen da, gizakia osoki garatzeko aukera baztertuta.
Lan-merkatua oihana da eta interesez eta autoritarismoz beteta dago. Kapitalismoaren logikaren (ilogikoa) ikuspegitik, langabezia amaiezina da. Jatorria elkartasunik ezean duenez gero, ez du ulertzen zer den lana banatzea; aldiz, pobreak egotea interesatzen zaio, apurrak balira bezala diru-laguntza txiki batzuk emanez isilik egongo direnak. Horrek, berriz, gogoeta sakon bat sorrarazten dit: lana ulertzeko beste modu baten alde eta bizitzan moldatzeko beste balio batzuen alde borroka egitea, lanaren diru-balioaren ordez giza balioa nagusi dadin, besterentzat mesedegarria den zerbaitetan aritzea delako ikuspegia nagusi dadin. Hots, orain egiten duenaren guztiz kontrakoa egin dezan.
Ez da erraza langileentzat beren nagusiek gaur egun egiten dituzten gehiegikeriak salatzea. Berehala esaten dute: hauexek dira baldintzak; onartu ala alde egin. Eta orduan, langileari gogora etortzen zaizkio hilero ordaindu behar dituen hipoteka guztiak, zer zaila den beste lan bat bilatzea, bidegabekeria salatzeko dituen zailtasunak, aurkeztu beharreko paper guztiak, ulertezintasunak. Eta azkenean, dena onartu eta isilik geratzea erabakitzen du, beste garai batean bezala.
Bizirik baino lozorroan dauden langileen indar sozial horiek kontuan hartu beharko lukete elkartasuna bultzatu behar dela, partekatuz eta langileekiko kontzientzia sustatuz, lanean dagoen adiskidetasun ezak ekarri duen axolagabekeriari aurre egiteko. Ez du bizi-kalitate hobea gehiago kontsumitzeko gehiago lortu duenak, baizik eta daukana hobeto erabiltzen duenak.
Ondo dago aukerak sustatzea, gizon eta emakumeek lan duin eta emankorra lor dezaten, baina funtsezkoa da langile-munduaren kontzientzia soziala piztea, horixe baita, aurrerapenak aurrerapen, errealitate sozialik garrantzizkoena. Langile-mundua zeharo aldatu da; izan ere, legez lan egiten dutenez gain, legez kontrako edo ezkutuko ekonomian lan egin behar izaten dutenek osatzen dute, eta, horren ondorioz, duintasun asko galdu ditu.
Horren ondorioz, langilea izatearen eta norbera langilea sentitzearen duintasuna aldarrikatu behar dugu. Zenbatek madarikatzen dute hitza? Egia esan, langileak hutsaren hurrena dira ohoreak eta karguak nagusi diren mundu honetan; beren lanaren inguruan ezin dute ia erabaki ere egin ez lana egiteko modua, ezta helburua ere. Horixe da errealitatea. Parametro horiekin nekez hartuko dugu lana gure gauzatzat, gure burua gauzatzea dakarren gauzatzat. Langile-munduak, esplotazio- eta mendetasun-tunel ilun horietatik aterako bada, gizalegezko arnasak eta asmo libreagoak izatea ahalbidetzen duen kulturarako leihoak zabaldu behar ditu.
Gizalegez bizitzeko eta pertsona gisa hazteko, beste hazkuntza-ingurune batzuk behar dira. Aspaldi honetan beste politika batzuen premian gaude, balio zuzen eta egiazkoagoen premian, bestelako pentsaeren eta agintarien premian. Batzuetan, ogiaren premia baino handiagoa izaten da errespetu premia, esan zuen Karl Marxek.
Eta segidan, ezkutuko ekonomia azaleratu behar da, lana bizitzeko baita, ez eskubiderik gabeko esklabu izateko. Ezer ez zaio nagusitu behar gizakiari, oso pobrea bada ere. Gainera, denok merezi dugu beste aukera bat nork barruan zer duen jakiteko. Nolanahi ere, lan egiteko betebeharra eta lana izateko eskubidea titulu naturalak izan beharko lukete; aldiz, behar baino maizago desnaturalizatu egiten dira pertsona ustelen gehiengo osoz eta agintari axolagabeen gehiengo soilez. Tamalgarria!
Jose Luis Insausti Urigoitia
Prejubilatua eta LABeko afiliatua