
BALANTZEA
- Sail sindikala.
Azken urteetako balantzea egiteko garaian nahitaezkoa da orain dela 8 urtetik hona sail sindikalaren bilakaera zein izan den azpimarratzea. 2002 ko hauteskundeetan sail sindikal eraberritu batekin aurkeztu ginen, eta hurrengo lau urteetan (2002-2006) erreferentzialtasun nabarmena izatea lortu genuen. 2006 ko hauteskundeetan benetan indarturik atera ginen, langileok emandako babes zabalerekin. Eta hurrengo lau urteetan eginiko lanarekin lidergo nabarmen bat azalduz iritsi da 2010eko hauteskundeetara LABen sail sindikala.
- Lau urte.
Luzeak izan dira azken lau urteak, eta gogotik lan egin behar izan dugu. 2007an LABek sinatu gabeko hitzarmen batetik irten eta berri bati ekin behar izan genion. Hemen nabarmendu zen LABen lidergoa. Hauteskundeetako programari zintzo kasu eginez, gure erronkarik gogorrenei heldu eta aurre eginez emaitza oso txukunak atera genituen, eskala salarialak desagertze bidean jarriz, prekarietateari mugak ezarriz, 35 orduko lanaldiari berriro zentzua eman genion aparteko orduak ordaintzeko aukerari ateak itxiaz… e.a. , honela hiru urterako (2008-2009-2010) hitzarmen on bat sinatzea lortu genuen.
Ezin ahaztu, 2008ko Urtarrilaren 11, lantegia suak jan zueneko hura. Egun gogorrak izan zirela aitortu behar dugu, elkarlanak eta Indarreko langileok erakutsitako leialtasunari esker hilabete gutxitan berriro eraberrituriko instalakuntzetan lanean ginen berriro. Orduan ere salbuespenik ez zela kontutan hartuta, guztien artean LABek lan zintzo eta arduratsua egin zuela nabarmendu behar da.
Baina 2008 hura amaitzerako, gaur oraindik gogor astintzen gaituen krisiaren lehen zantzuak nabarmendu ziren. Honen ondorengo bi urteak bereziki gogorrak izan dira, eta krisiaren ondorioen kudeaketan ezinbesteko partaidea bihurtu da LAB. Azken urtean EREen eraginpean gaude eta honek eskatzen duen arduretara zintzo moldatu da LABeko sail sindikala. Egin diren akordioetan aitzindari izan gara eta markatu dugun bideari jarraituko diogu.
Eta argi esan behar dugu, LABen lanak ondo eginaren lasaitasuna daukagula. Gure ideia eta baloreen defentsan zintzo aritu izanaren lasaitasuna. Aipaturiko arazoak konpontzea, sortzen joango direnei erantzutea eta beste hainbat eginkizun hurrengo lau urteetarako erronka bat izango dira guretzako, eta konpromisoz ekingo diogu aurrerantzean ere.
HURRENGO LAU URTEAK.
Oharturik gaude LABetik egiten dugun eskaintzaren ardura maila zenbatekoa den. Badakigu hurrengo lau urteetan mahai gainean izango ditugun gaien garrantzia zenbatekoa den, eta horregatik gogo biziz ekingo diogu.
Garrantzitsua da Indarreko langileria osoaren ongizatea bermatzea, maila txikienetik hasi eta gorenekoak barne. Ezinbestekoa da langileria talde bakar bat bezala identifikatzea, eta premisa horretatik helburu eta onura amankomunen bila abiatzea. Hurrengo lau urteetan bide hau jorratzea ezinbestekoa dela deritzogu.
Hurrengo urteetako erronka nagusiena, pairatzen dugun krisi honetatik guztiok ondo irtetea izango da. Orain arte eginiko akordioak bete eta betearaztea ezinbestekoa da, eta LAB horretan mantenduko da. Ahalik eta lasterren ERE-etatik atera eta normaltasuna lortzea izango delarik helburua.
Datorren legealdiari hitzarmen berri baten negoziaketarekin ekingo diogu. 2010ean amaitzen da gaur duguna, eta hurrengoaren negoziaketan LAB indartsu bat ezinbestekoa da. Hitzarmen honetan aurrekoetan konpondu gabeko gaiei heltzeko aukera paregabea daukagu.
Indarreko zuzendaritzak interes berezia dauka langileak indibidualki tratatzeko, horretarako “9000” formula eta lanerako egutegi eta ordutegi malguak aldarrikatzen ditu. LABen argi daukagu langileriarentzako elementu negatiboak direla. Batetik “9000” diren langileen lan baldintzak erregulatzearen aldeko lana egingo dugu. Eta bestetik gainerako langile guztien egutegi eta ordutegien malgutasuna (ordu, erabilgarriak, zorretan pilaturiko orduak, egutegi aldaketak…) mugatu eta erregulatzeko bitarteko guztiak bideratzeko konpromisoa hartzen dugu; beraz, Indarren lanean ari garen langile guztiak batuko dituen gutxieneko baten bila joko dugu. Soilik klase subjektu bezala jokatzen badugu lortuko dugu gure aldarrikapenak aurrera ateratzea.
Segurtasuna eta lan osasuna da LABek gehien landuko dituen beste gaietako bat. Orain langile kopuru egonkor bat gaudenean, egokia deritzogu gai honetan gure lana berrindartzea eta horretan saiatuko gara. LABen ustez ez da inor geratzen gai honetatik kanpo eta langile guztion parte hartzea bultzatuko dugu.
Ezinbestekoa da prekarietatea eta azpikontratazioaren aurkako borrokan adi egotea. Eta 2008-2010eko hitzarmenean lorpen handiak egin bagenituen ere, ondorengo lana ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere.
Guk lan egiten dugun enpresa non kokatua dagoen ikusita, Goierrin alegia, eta bertako euskaldunen kopurua zenbatekoa den jakinik, orain arte guztiok izan dugun konpromiso maila handitzeko erabaki sendoa hartu du LABeko sail sindikalak, Indar euskaldun bat egiteko bidean. Gure nortasun euskalduna zapuztu ez dadin, guztion parte hartzea funtsezkoa delako, LABek indar berezia jarriko du euskara plana sustatzeko garaian.
Beste alde batetik ezin da ahaztu LABek gizarte mailan duen eragina eta indarra. Ezinbestekoa diogu hauteskunde hauetan LAB berrindarturik irtetea, enpresaz enpresa langileok gure babesa emanez, Euskal Herrian zabaltzen ari diren garai berriei argi berezia egingo bait diegu.
LABek badu indarra, LABek badu proiektua, zure botoa eta babesa behar ditu.