Maiatzaren Lehenak erreferentzia nagusi bat du aurten: langileon egoera. Eta langileontzat berebiziko garrantzia duen momentu honetan -zazpi urteren ondoren-, euskal sindikalgintza bat eginda, konpromiso argi batekin aterako da kalera aurtengoan: benetako alternatiba bat proposatzea.
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek gaur Bilbon egin dute deialdia, bertan, Bilbon alegia, izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin die langileei.
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi bezala, langileon egoerak "argazki beltza" erakusten du oraingoan ere, testuingurua definitzeko: "196.000 langabetu baino gehiago daude Hego Euskal Herrian, EAEn bakarrik, badira 30.000 familia kide guztiak langabezian dituztenak eta gazteriaren erdia baino gehiago lan merkatutik kanpo dago". Datu horiek "politika jakin batzuren emaitza" direla gogorarazi du Etxaidek, eta gogorazi du, aurtengoan krisiaz hitz egiten emango dugun hirugarren urtea dela.
Lan mundua, gizarte eredua aldatzen ari den honetan, "benetako alternatiba" bat proposatzen du euskal sindikalgintzak, aberastasunaren banaketa oinarri duen alternatiba. "Horren alde borroka egiteko langileei tresna eraginkorra eskaini eta ziurtatzea da gure ardura", gaineratu du Etxaidek. Erabakitzeko ahalmenean oinarrituta, langileon eskubideak defendatzeko bitarteko politiko, instituzional eta sindikalen bidez.
Aurtengo Maiatzaren Lehenean, beraz, langileok badugu huts egin ezineko hitzordu bat: 11.30ean, Bilboko kaleetan.
· ekuorria