29 abr 2011

Maiatzak 1

Gaurko eguna, apirilak 28, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Gaurko eguna krisialdi ekonomiko testuinguru batean ospatuko da, lan baldintzak okertu eta langile klasearen zati handi baten prekarietate egoera larritu egin dituen krisialdia.

Krisiaren arduradunek laguntza gisa funts publikoetako milaka milioi euro jaso dituzten bitartean, gobernu eta instituzio ezberdinek, patronal handiaren eta bankarekin elkarlanean, krisiaren ondorioen zama langile klasearen bizkar gainean utzi duten neurriak hartu eta erreformak gauzatu dituzte. Espainiako gobernua, PP eta PNVren babesarekin, enpresa eta kapital errenten mozkinak handitzeaz arduratu da, azken hamarkadetako neurri antisozialenak aplikatu dituen bitartean.

Aurki negoziazio kolektiboaren erreforma batuko zaien lan erreforma eta pentsio erreformen forma hartu duten neurri hauek, lan eta bizi baldintzetan eragin zuzena dute, eta era berean, lan osasun eta segurtasun baldintzetan. Onartezina da iaz Euskal Herrian 80 lagun baino gehiago hil izan lan istripuetan eta krisiaren aitzakiarekin, lan arriskuen prebentzioan inbertsioak murriztu izana.

Estatuko gobernu zein instituzioak zein PSOE, PNV eta UPNk kudeaturiko euskal instituzioek eurek defendaturiko politika eta erreforma antisozialei alternatibarik ez dagoela sinestarazi nahi dute. Aldiz, Euskal Herrian geroz eta gehiago gara termino politiko eta sozialetan eman beharreko aldaketa beharrezkoa dela uste dugunok.

Langileok langileen eta herri sektoreen eskubideak bermatuko dituen eredu ekonomiko eta soziala behar dugu; gehiengo sozialaren behar eta interesen zerbitzura izango diren politika ekonomiko eta sozialak behar ditugu.

Eta horretarako, aldaketa sozialei bide emango dien aldaketa politikoa behar dugu:
- Marko konstituzional-estatutarioa gainditu eta marko demokratikoa eraiki behar dugu.
- Marko konstituzional-estatutarioa ez zen langile eta herri sektoreen behar eta interesei erantzuteko sortu, Neguriko oligarken, Nafarroako kazikeen eta Ipar Euskal Herriko jauntxoen interesak asebetetzeko baizik. Marko hori, Euskal Herriko langile eta herri sektoreak zatitu, menperatu eta esplotatzeko sortu zen.
- Horregatik, langile eta herri sektoreok aldaketa politikoa behar dugu; eta aldaketa horrek burujabetza du izena.
- Langileek eta herri sektoreek Euskal Herria bere buruaren jabe izan dadin behar dugu, geure oraina eta etorkizunaren gaineko erabaki ahalmena eskuratu behar dugu, aldaketa soziala burutu ahal izateko; geure eskubideak bermatuko dituen eredu sozio-ekonomikoa eraiki ahal izateko.

Indarrak metatu behar ditugu aldaketa politiko eta sozialaren norabidean. Azken urte honetan, urrats nabariak eman dira bide horretan, indar politiko ezberdinen arteko akordioak eta Euskal gehiengo sindikalaren ekintza batasuna nabarmentzen direlarik. Azpimarratzekoa da Euskal gehiengo sindikalak hiru greba orokorrekin eta mobilizazio ezberdinekin erantzun diela Estatu espainiarrak buruturiko eraso antisozial guztiei.

Horregatik, Ezker Abertzaleak Maiatzaren Lehenerako euskal gehiengo sindikalak Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dio herritar orori.

Azken mobilizazio eta greba orokorrek Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialaren aldeko gehiengo bat badagoela frogatu dute. Maiatzaren Lehenean berriro ere nabarmen utzi behar dugu Euskal Herrian badela nahikoa masa kritiko aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko.