27 may 2011

23 HILDAKO LANEAN 2011ean ASKI DA!!!


Langile batek lanean bizia galdu duela salatzeko elkartu gara gaur Gasteizen. Lehenik eta behin, 58 urteko J.F.J.V.Z langilearen senideei elkartasuna eta babesa adierazi nahi dugu.

Ezbeharra Gasteizko Lakua-Arriagako Osasun Zentru berriaren lanetan gertatu zen, hormigoizko kamioiarekin lanean zebilela, joan den Maiatzaren 25ean.

Prekarietatea, subkontratazioa, formazio ezak, eta lan baldintzak, lan istripuen oinarrizko arrazoiak dira, eta KRISI garai batean, hauek guztiak larritzen eta biderkatzen dira.

Gaur egun, lan baldintzak (prekarietatea, gauez lan egitea, kontrol eza, txandakatzea, edozein baldintzetan lanean jarraitu behar izatea, ...) dira langileek osasuna eta bizia bera galtzeko arrazoirik nagusienak. Lan baldintza horiexek gure lanean eragiteaz gain, gure bizian eta osasunean ere badaukate eragina.

Dagoeneko 2011ean Euskal Herrian gutxienez 23 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz. Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, lanegun birik baten langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Horregaitik guztiagatik, langileok laneko gaixotasun, lanarekin lotutako gaixotasun eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO oihukatu behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatu.

Baina aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz, Iruñea edo Baionatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. Aldaketa guk ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartutako gure konpromisoak. Horretarako, gaurko salaketa hau Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu behar dugu, mobilizazioak eta borrokak aldaketa posible egin dezan. Horixe da gure konpromisoa eta gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra.

EUSKAL HERRIKO LANGILEOK ALDAKETA!!
ASKI DA!!!